KLIMOGRAMAK ETA EGURALDI-MAPAK
Klimograma bat nola egin
Prezipitazioak eta tenperaturak klimogrametan irudika daitezke. Klimograma toki zehatz bateko prezipitazioak eta tenperaturak irudikatzeko grafikoa da; urte osoan zehar hilez hile islatuko direlarik.
Klimograma bat egiteko orri koadrikulatua erabili behar dugu eta ondorengo urrats hauei ekingo diegu:
- Ardatz horizontal bat marraztu eta bere bi ertzetan bi lerro bertikal egingo ditugu.
- Ardatz horizontalean urteko hamabi hileak markatuko ditugu.
- Ezkerreko ardatz bertikalean tenperaturen eskala markatuko dugu, baloreak bosnaka gradu zentigradotan ezarriko ditugularik; adibidez: -5, 0, 5, 10, 15, 20, 25 °C.
- Eskuineko ardatz bertikalean prezipitazioen eskala markatuko dugu, baloreak hamarnaka ur mm. eta positiboan ezarriko ditugularik; adibidez: 0, 10, 20, 30, 40, 50 mm. ur.
- Behin toki zehatz bateko urteko hilabetetan zeharreko batezbesteko tenperaturak ezagututa, grafikoan jarriko ditugu puntuen bidez. Jarraian lortutako puntu guztiak marra baten bidez lotuko ditugu.
- Ikertzen ari garen tokiko hilabete bakoitzeko prezipitazioak ezagututa, grafikoan adieraziko ditugu barra-diagrama baten bidez.
Klimogramak interpretatzen
- Klimograma edo klimodiagrama bat interpretatzea edo analizatzea bi alderditan oinarrituko da:
- Tenperaturen grafiko linealen ikerketa.
- Bere ikerketatik urtaro kopurua eta urtean zeharreko aldaketak (igoerak eta jaitsierak) ondorioztatuko ditugu.
- Hurrengo kasu hauek topa ditzakegu:
- Tenperatura altu eta egonkorrak (erregularrak) dituen grafikoa, KLIMA BEROAri dagokio.
- Lau urtaroei dagozkien tenperatura aldaketak (irregularrak) dituen grafikoa. KLIMA EPELA da.
- Tenperatura baxuak dituen grafikoa. KLIMA HOTZA da. Tenperaturak baxuak edo oso baxuak badira mendiko klima edo polarra izan daiteke.
- Prezipitazioen barra-diagramen ikerketa.
- Tenperaturen grafiko linealaren analisitik ondokoa ondoriozta dezakegu:
- Klima beroa eta prezipitazioak egonkorrak badira, KLIMA EKUATORIALA da.
- Klima beroa eta urtaro lehor bat badago, KLIMA TROPIKALA izango da.
- Klima beroa eta Ia prezipitaziorik ez badago, BASAMORTUKO KLIMA da.
- Klima epela eta prezipitazioak urte osoan zehar ematen badira, KLIMA OZEANIKOA da.
- Klima epela eta uda lehorra bada, KLIMA MEDITERRANEOA da.
- Klima epela eta prezipitazioak urriak (eskasak) badira eta udan ematen badira, KLIMA KONTINENTALA da.
- Klima hotza eta prezipitazio ugari (asko) badaude MENDIALDEKO KLIMA da.
- Klima hotza eta prezipitazio urriak badaude KLIMA POLARRA da.
Aukeratu herrialdeak eta ikusiko dituzue haien arteko ezberdintasunak.